Etengabe aurrera doazen denbora-bidaiariak
gara, ezinbestean, eta euskaldunak ere bidaia kolektibo horretako bidaide gara.
Urteak etorri eta urteak joan dira euskal komunitatean eta horrek etengabeko
eboluzioan egotera garamatza, edozein animalia espezie nola.
Eta berez txikia den hizkuntza unibertso
honetan, are txikiago bilakatzen da lekuaren arabera. Gure Barakaldo halako
toki bat da, hemen euskarak bere gorabeherak izan baititu denbora bidaia
honetan.
Baina herri egoskorra garela erruz demostratu dugu eta egoskortasun
horren agerkari goren da Barakaldoko euskara elkartearen 30. urteurrena; hain
zuzen ere, aurten Sasiburuk 30 uda eta negu beteko ditu, eta tamainako
efemeride hau ospatzeko maiatzaren 28an jai ederra antolatu du elkarteak berak
Barakaldoko hainbat eta hainbat elkarte euskaltzalerekin batera.
Hala eta guztiz ere, ospakizun honek, algara
eta festa ez ezik, aldarria ere izango du xede; izan ere, egun kinka larria da
bizi duena gure hizkuntzak, jakin badakigu ezagutzak gora egin duen arren,
erabilerak ez duela pareko gorakadarik izan.
Horregatik, mahaigaineratu nahi dugu ez dela
nahikoa euskara jakite soilarekin edo norbera euskaldun dela pentsatzearekin.
Mezu zaharra da, baina berebiziko garrantzia dauka honako hau: egiten ez den
hori, ez da. Ez bada hitz egiten edota entzuten, ez da existitzen. Kitto.
Gogora ekarri behar dugu gure arbasoek sekulako
esfortzua egin zutela euskara kalera ateratzeko, ikas guneetan sartzeko,
ofizialtasuna emateko. Kate luzea du euskarak, iragan lauso eta urrun batean
daukana abiapuntua, eta historian zehar euskara katebegiz katebegi, eskutik
eskura eman izan da. Eta hala, euskararen irakaskuntzak, euskal aktibismoak,
Korrikak, Euskaraldiak eta abarrak azpimezu argia du: ez dadila katea eten, ez
dezagun euskara albora.
Gure esku dago etorkizuna, arestian esan
bezala, etorkizunerako bidaiariak garelako, eta erabaki bat dugu egiteke:
etorkizun horretan euskara egotea ala ez. Gure gogoa, ordea, etorkizunera
begira egon arren, ez du ahazten iragana, ezta arbasoek egindako lana ere.
Horixe da gure irakurketa eta mezua, horretan
dihardugu ezinbestean, gure hautua garbia da. Baina atxikimendu egarriz gaude.
Euskarak bere hazia barreiatu dezan, zoro/soro askoren beharra du, eta 2022.
honetan, urteurrena aitzakiatzat hartuta, erleek eta pinpilinpauxek nola, hazi
horiek Barakaldo eta Euskal Herria luze zabalean sakabanatu nahi genituzke.
Lagunduko?