2022-05-24

SASIBURU ELKARTEAREN 30. URTEURRENA.


  Etengabe aurrera doazen denbora-bidaiariak gara, ezinbestean, eta euskaldunak ere bidaia kolektibo horretako bidaide gara. Urteak etorri eta urteak joan dira euskal komunitatean eta horrek etengabeko eboluzioan egotera garamatza, edozein animalia espezie nola.

  Eta berez txikia den hizkuntza unibertso honetan, are txikiago bilakatzen da lekuaren arabera. Gure Barakaldo halako toki bat da, hemen euskarak bere gorabeherak izan baititu denbora bidaia honetan. 

  Baina herri egoskorra garela erruz demostratu dugu eta egoskortasun horren agerkari goren da Barakaldoko euskara elkartearen 30. urteurrena; hain zuzen ere, aurten Sasiburuk 30 uda eta negu beteko ditu, eta tamainako efemeride hau ospatzeko maiatzaren 28an jai ederra antolatu du elkarteak berak Barakaldoko hainbat eta hainbat elkarte euskaltzalerekin batera.

  Hala eta guztiz ere, ospakizun honek, algara eta festa ez ezik, aldarria ere izango du xede; izan ere, egun kinka larria da bizi duena gure hizkuntzak, jakin badakigu ezagutzak gora egin duen arren, erabilerak ez duela pareko gorakadarik izan.

  Horregatik, mahaigaineratu nahi dugu ez dela nahikoa euskara jakite soilarekin edo norbera euskaldun dela pentsatzearekin. Mezu zaharra da, baina berebiziko garrantzia dauka honako hau: egiten ez den hori, ez da. Ez bada hitz egiten edota entzuten, ez da existitzen. Kitto.

  Gogora ekarri behar dugu gure arbasoek sekulako esfortzua egin zutela euskara kalera ateratzeko, ikas guneetan sartzeko, ofizialtasuna emateko. Kate luzea du euskarak, iragan lauso eta urrun batean daukana abiapuntua, eta historian zehar euskara katebegiz katebegi, eskutik eskura eman izan da. Eta hala, euskararen irakaskuntzak, euskal aktibismoak, Korrikak, Euskaraldiak eta abarrak azpimezu argia du: ez dadila katea eten, ez dezagun euskara albora.

  Gure esku dago etorkizuna, arestian esan bezala, etorkizunerako bidaiariak garelako, eta erabaki bat dugu egiteke: etorkizun horretan euskara egotea ala ez. Gure gogoa, ordea, etorkizunera begira egon arren, ez du ahazten iragana, ezta arbasoek egindako lana ere.

  Horixe da gure irakurketa eta mezua, horretan dihardugu ezinbestean, gure hautua garbia da. Baina atxikimendu egarriz gaude. Euskarak bere hazia barreiatu dezan, zoro/soro askoren beharra du, eta 2022. honetan, urteurrena aitzakiatzat hartuta, erleek eta pinpilinpauxek nola, hazi horiek Barakaldo eta Euskal Herria luze zabalean sakabanatu nahi genituzke. Lagunduko?