2013-11-29

EUSKARAK 365 EGUN




Euskaltzaleen TOPAGUNEAK euskararen aldeko kanpaina bat hasi da euskararen nazioarteko eguna dela eta SASIBURU elkartekook bat egiten dugu kanpain horrekin
Ez da atzo goizean esana “euskara jalgi hadi plazara”.
Etxepare etxe parean aurkitu dugu berriz ere, eta harekin abiatu gara, hura bezala, barrutik kanpora. Hementxe gatoz bada, hiztun-kateari segida emanez, beste behin, plazara. Gaur dagokigun lekura.
Bagara batzuk euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok. Milaka gara, gero ta gehiago gara, eta hiztun komunitatearen muina, bihotza, osatzen dugu.
Badira gure artean zurginak, saltzaileak, eskritoreak, estudiante tunanteak, kontakatiluak, herri zainak eta erizainak, olagizonak, plazandreak eta bohemio alderraiak. Badira gure artean alderdi politikan alde batekoak, badira bestekoak, badira alderdiez trufatzen direnak, badira liberalak, badira libertarioak eta badira ironikoak. Ez dugu margo bakarrik onartzen, eta kolore guztiak hartzen ditugu.
Euskaraz bizitzeko hautua egin dugu, ordea. Euskaraz bizitzeko hautu antolatua. Horretan osatzen dugu, alderdikeria guztien gainetik, hiztun komunitatearen muina. Euskararen herria egiten dugu, eta egin nahi dugu, orain eta hemen. Hori da bildu gaituen taupada, zeharkatzen gaituen taupada gizagilea eta herrigilea.
Guretzat 365 egun ditu euskarak. Eta pozik ospatuko genituzke, elkarrekin bizi garenez, dagokienek proposatzen badute, haiekin batera, ingelesaren eguna, gazteleraren eguna, frantsesaren eguna, portugesaren eguna, hindiaren eguna, kitxueraren eguna, kurdueraren eguna, mandingaren eguna. Denak, baita hauek ere, guretzat, euskararen egun. Urtean egun bana ospatuta ere, denera 365.
Euskarak gugan duen esan-indarretik abiatzen gara, eta esan-indar horren bila goaz. Herrian duen bizi-indarretik abiatzen gara, eta bizi-indar horren bila goaz.
Gaur plazara gatoz berriro. Hala ikasi genuen mugitzen, sistolean eta diastolean, zabalduz eta bilduz, etxetik plazara eta plazatik etxera. Gaur plazara gatoz. Eta itzuliko gara.

EUSKARAK 365 EGUN!!

2013-11-28

"Euskaraz bizi nahi dut" bizikletazko ekipazioa



 "Euskaraz bizi nahi dut" bizikletazko ekipazioa

ADI! "Euskaraz bizi nahi dut" bizikletazko ekipazioa probatu nahi izanez gero, modeloak eta neurriak Barakaldoko AEK-n egongo dira gaurtik, azaroak 28, datorren martitxenera arte, abenduak 3!!!!!!







ANIMA ZAITEZ ETA HURBILDU AEK-KO EUSKALTEGIRA, OLENTZERORAKO OPARI EDERRA IZAN DAITEKE BENETAN!!

2013-11-27

Euskararen nazioarteko eguna Barakaldon

Abenduaren 3a heltzear da eta ospakizun hau aitzakitzat hartuz Barakaldoko talde ezberdinok euskararekin lotutako ekitaldiak burutuko ditugu.

Aste batean zehar, Berbalagun, Barakaldoko HEO, Gazte bulegoa, Barakaldoko gazte asamblada eta Sasibururen eskutik, topaketak, bertso saioak, magoak, eta bideo emanaldiak ospatuko dira. Zatoz! Ospatu euskara gu guztiokin!

Euskaraz bizi nahi dut ekipazioa





AEK-ko barnetegi ibiltarikoek bizikletan ibiltzeko “Euskaraz bizi nahi dut” ekipazioa sortu dute!!!!!!!

Olentzerorako aproposa!!!!!!!!!!

Informazio guztia eta eskaera egiteko aukera http://ibiltaria.aek.org/webgunean aurkituko duzue!

Modeloak eta neurriak Barakaldoko AEK-n probatzeko aukera egongo da. Horretarako jarri harremanetan gurekin (sasiburu@gmail.com).

2013-11-26

Euskal Herriko altxorretan barrena



Laster  Euskararen eguna ospatuko dugu Euskal herri osoan, Barakaldon ere hainbat ekintza antolatu dituzte egun horren karira Barakaldoko zenbait elkartek eta erakundek. Horien berri apurka apurka emango dizuegu: oraingo honetan Barakaldoko Gazte asanbladak eta Sasiburu elkartearen elkarlanean prestatu dugu jarduera baten berri eman gura dizuegu:
Bideo-emanaldia / hitzaldia
EUSKAL HERRIKO ALTXORRETAN BARRENA   

Euskarazko 54 minutuko dokumental honek Arkaitz Astiazaran-ek 2013ko udaberrian Euskal Herri guztian zehar egindako 4400 kilometroko txirrindu bidaia kontatzen du, euskal musika anitzaz lagundurik eta ingurune bakoitzeko berezitasunak kontatuz; gure herrialdeko paisaia, tradizio, mendialde, animali, itsasalde, herri eta natur inguruneak erakutsiz. Guztira, 37 etapatan 800 herri eta 175 mendate igaro zituen. Berak, ibilbidean zehar motxilan zeraman bideo-kamerarekin hartutako irudiekin osatutako dokumentala da, oso aurrekontu eta baliabide xumeekin, baina gogo eta ilusio handiarekin egina. Asmoa, gure herrialdetik irten gabe eta modu xume batean zer nolako planak egin ditzazkegun ideiak ematea da; etxetik pauso batera askotan konturatzen ez garen altxor paregabeak bait ditugu. 
NOIZ: ABENDUAREN 9AN, ARRATSALDEKO 19:30ETAN.
NON: SAN BIZENTEKO KULTUR ETXEAN.

2013-11-24

Barakaldoko euskaldunon topaketa

 
Barakaldoko Berbalagunak eta eukaltzalekok orokorrean beste hitzordu bat daukagu aurki. Abenduaren 3an, Nazioarteko Euskararen eguna ospatuko da, baina Barakaldon pixka bat aurreratuko gara, zeren eta  abenduaren 2an elkartuko baikara.
 
 NOIZ: ABENDUAREN 2AN, ARRATSALDEKO 19:00ETAN.
 NON: SAN BIZENTEKO KULTUR ETXEAN.
19:00etan bakarrizketa, bideoa, aurkezpentxoa... 

Anima zaitezte eta hurbildu!!! Zuen zain egongo gara!!!

GAUR, EUSKARA PRAKTIKATU, BIHAR, EUSKARAZ BIZI!!!