2026-05-22

EUSKALTZALEON MARTXA



 Hona hemen EUSKALGINTZAREN KONTSEILUAk euskaltzale guztioi bidali digun deialdiaren oharra.

Herri, auzo eta eskualdeetako euskaltzaleoi zuzentzen gara, ekainaren 13an Iruñeko kaleak Euskal Herri osoko euskaltzalez betetzeko erronka erraldoia dugulako esku hartzean. 

Euskararen etorkizunaren gaineko kezka adierazteaz gain, euskararen eta euskaltzaletasunaren indarberritze olatu bat, Pizkunde berri bat, eragiteko prest gaudela frogatzeko indar erakustaldia izango da. Abenduko ekitaldia lau hormen artean egin bagenuen, oraingoan kaleak hartu eta mezua lau haizeetara zabaltzeko ordua da. 

 

Horretara dator ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa, euskaltzaleok antolatzera eta euskaraz bizitzeko ezinbestekoak ditugun baldintzak eskatzera, Euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatzera: Ofizialtasun osoa, Jauzia hizkuntza politiketan eta Euskaltzaletasuna

 

Martxaren hiru zutabeak arratsaldeko 17:00etan Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzarik abiatuko dira, eta Iruñeko kaleak aldarrikapenez, ospakizunez eta harrotasunez zeharkatuko ditugu. Zutabeek Gazteluko Plazan egingo dute bat, eta ekainaren 11n Urepeletik aterako den Gazte Euskaltzaleen martxa ere batuko zaigu bertan. Edukiz beteriko ekitaldiaz gain, amaiera berezi bat emango diogu martxari. 

2026-05-17

MAKALA FOLK III SAN BIZENTEN


 Laguntasunak MAKALA FOLK III ospatuko du maiatzaren 30ean San Bizenten.

Eguraldi onaren etorrerarekin batera, Laguntasunako kideak berriz ere buru-belarri murgildu dira MAKALA FOLK eguna antolatzeko lanetan. Hori dela eta, maiatzaren 30ean, larunbata, San Bizente auzoan jaialdi honen hirugarren edizioa ospatuko dugu, azken urteotan herrian arrasto berezia utzi duen ekimena.

Aurreko edizioetan bezala, musikak, kale giroak eta kultur tradizionalak izango dute protagonismo osoa egun osoan zehar. Programazioaren barruan, luthier azoka izango dugu, artisau ezberdinek euren instrumentuak eta lanak erakutsiko dituzten gunea; kalejirak ere ez dira faltako, auzoko kaleak musikaz eta giroz betez; eta arratsaldean, Rula eta Besaide taldeen kontzertuek emango diote amaiera egunari.

LAGUNTASUNAkoek Hainbat urtez errepikatu dute esperientzia berezi hau, eta Ezkerraldeko erreferente bilakatu da folk musikari dagokionez, txoko ezberdinetatik etorritako talde eta lagunei esker: Sugan, Dronadar, Kalima, Aragoiko Gaiteroak, Feile, Ceo do Sil… Eta nola ez, Laguntasunako musikariekin batera.