2023-01-13

Barakaldarron hizkuntza eskubideak kinka larrian daudelako elkartu gara

Argazkia: Arkaitz Buron

Gaur, iragarritako elkarretaratzea burutu dugu eta arrakastatsua izan da. 300 pertsona batu gara Barakaldoko hainbat elkarte, erakunde eta norbanako bilduz Barakaldarron hizkuntza eskubideen alde eta justizia eskatuz. Hona hemen irakurri dugun adierazpena:

Barakaldarron hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratzea

Arratsalde on guztioi,

Barakaldarron hizkuntza eskubideak kinka larrian daudelako elkartu gara hemen.

Gertatutakoaren berri emango dizuegu: Barakaldoko udalak 2021ean kultur zerbitzuak kudeatzeko lehiaketa publikoa egin zuen, 4,6 milioi eurokoa. Baldintza gisa ezarri zuen langile guztiek gutxieneko euskara maila jakin bat egiaztatzea.

CCOO sindikatuak lehiaketaren aurka egin zuen, besteak beste argudiatuta hizkuntza betebehar horiek ez datozela bat Barakaldoko errealitate linguistikoarekin.

Ondorioz, epaiketa bat egin eta EAEko Auzitegi Nagusiak CCOO sindikatuari arrazoia eman zion, eta Barakaldoko udalak ez du helegiterik aurkeztuko epai horren aurrean.

Horrenbestez, Barakaldoko 26.000 euskalduni hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigu eta ebazpen horrek urraketa hau betikotzea dakar. Are gehiago, honelako injustiziak herri gehiagotan errepikatzen lagun lezake.

Egoera hau biziki larria iruditzen zaigunez, gaur hemen kontzentratu gara.

Hala eta guztiz ere, argitu nahi dugu langileen lan eskubideen alde gaudela, eta euskara ikasteko baliabide egokiak eta behar dituzten erraztasunak izatea eskatzen dugula, beraien jarduera bi hizkuntza ofizialetan burutzeko aukera izan dezaten. Ez dugu nahi euskara langileen eskubideak murrizteko aitzakia bezala erabilia izaterik, baina, ostera, eskubide horien defentsak ez ditzala euskara eta gure eskubideak gutxietsi edo baztertu.

 

Jakin badakigu gai baten inguruan horrenbeste iritzi dagoenean zaila dela irtenbide egokiena topatzea, baina guztion interesak asebetetzen dituzten erabakiak eta konpromisoak adostu behar dira. 30 urte luzeren ondoren agintariek gaiari seriotasunez eta bitartekoekin heldu behar diotela irmoki uste dugu. Herritarrok gure lana egiteko gaude, batzuetan erabakiak txalotzeko eta besteetan salatzeko. Gu, euskaldunon elkarte garen heinean, euskara eta euskal kultura herrira barreiatzeko dinamikan arituko gara eta euskaldunon eskubideak defendatuko ditugu, horretarako gure esku dauden bitarteko guztiak erabiliz.

Gure aldarria argia da: zerbitzu publiko guztietan euskarazko arreta bermatuta izatea eskatzen dugu, legeak ezartzen duen bezala.

 

Sortu den egoera honek argi erakusten du bidea luzea dela, baina, aldi berean, orain dela 30 urte baino laburragoa. Oztopo nabarmenak daude bidean baina denok batera aurrera egitea lortu dugu. Orain lan txukuna egiteko garaia da, oztopoak gainditzen jarraitzeko unea. Saihestu ditzagun bidezidorrak. Gure ustez, afera honetan eragile bakoitzaren hausnarketa egiteko unea heldu da eta hainbeste erabiltzen den ADOSTASUNA hitzetatik ekintzetara igaro behar da EUSKARAZ GURE HERRIAN BIZI NAHI DUGUNON ESKUBIDEAK BERMA DITZATEN, ez bakarrik komunikatuetan, baizik eta egunerokotasunean. Horretarako, gai honi merezi duen lehentasuna eman eta behar beste baliabide martxan jarri beharko lirateke.

 

Bukatzeko, eskerrak eman nahi diegu bide desberdinetatik elkartasuna erakutsi diguten guztiei. Eta eskerrik beroenak gaur hona gerturatu zareten guztioi. Sasibururen filosofia berdinen arteko elkarrizketan eta elkarlanerako prestutasunean oinarritzen da. Beti aipatu dugu lan xumea egiten dugula, baina inork ez dezala pentsa xume izateagatik ez dugula beteko herriko euskaldunekin adostu dugun konpromisoa: Barakaldon euskaraz bizitzeko baliabide guztiak aktibatzea.

 

Gora Barakaldo euskalduna!

 

Barakaldo, 2023ko urtarrilaren 13a.

 

 

Dena prest!

 ðŸŸ Gaur arratsaldeko elkarretaratzerako dena prest dugu. Honelako ehunka esku orri banatuko ditugu. "Barakaldarron hizkuntza eskubideen defentsan. 📢 Justizia denontzat!"
#Barakaldo #Euskara #BarakaldoEuskaraz 





2023-01-12

BERTSO AFARIA BARAKALDON + PINTXO TXAPELKETA



Laster San Bizenteko jaiak izango ditugu ostera ere, jai horien baitan hainbat jarduera dibertigarri izango ditugu.

Hasteko, SAN BIZENTEKO JAI BATZORDEAk azken hiru hamarkada legez itzelezko BERTSO AFARIA antolatu du.

BERTSOLARIAK:  NEREA IBARZABAL ETA XABAT GALLETEBEITIA.

Sarrerak dagoeneko salgai ditugu BARAKALDOKO AEK-ko euskaltegian.


                                    ANIMA ZAITEZ!!


                                              PINTXO TXAPELKETA



Bestalde, San Bizente auzoko jaien baitan, Barakaldoko AEK-ko irakasle eta ikasleek Pintxo txapelketa bat egingo dute, urtarrilaren 26an, 10:00etan, AEKn bertan.

Ekintza ikasleei begirakoa bada ere, edonork har dezake parte.  

EMAN IZENA: barakaldo@aek.eus e-postan.

                        94 437 20 87 telefonoan.

Pintxoak hotzak izan behar dira eta euskaltegian bertan prestatu beharko dira.


                   ANIMA ZAITEZ ETA PARTE HARTU!!

2023-01-10

PETTI KANTARIA BARAKALDO ANTZOKIAN


 Noam Chomsky pentsalariak komunikabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen. Harkaitz Canok hamar estrategia destilatu ditu, poema bihurtuz. Eta Pettik ez ditu kantu bihurtu, gezi baizik, bere ahots eta sen musikalaren bidez.

Petti musikari, abeslari eta gitarrista bikaina da. Nafarroan jaioa (Bera, 1973), gazte-gaztetatik hasi zen musika munduan eta 1999an kaleratu zuen bere lehen diskoa. 

Pettiren musikak nortasun propioa du. Bere erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakon hori, bluesaren arima arnasten duten abestiak, gitarra jotzeko trebetasuna eta eszenatokian duen indar basatia dira bere ezaugarri nagusiak.

Bere azken lana," Manipulazio Estrategiak"  2020an estreinatu zen.