 |
Argazkia: Arkaitz Buron
|
Gaur, iragarritako elkarretaratzea burutu dugu eta arrakastatsua izan da. 300
pertsona batu gara Barakaldoko hainbat elkarte, erakunde eta norbanako
bilduz Barakaldarron hizkuntza eskubideen alde eta justizia eskatuz. Hona hemen irakurri dugun adierazpena:
Barakaldarron hizkuntza eskubideen aldeko
elkarretaratzea
Arratsalde on guztioi,
Barakaldarron hizkuntza eskubideak kinka larrian daudelako elkartu gara
hemen.
Gertatutakoaren berri emango dizuegu: Barakaldoko udalak 2021ean kultur
zerbitzuak kudeatzeko lehiaketa publikoa egin zuen, 4,6 milioi eurokoa.
Baldintza gisa ezarri zuen langile guztiek gutxieneko euskara maila jakin bat
egiaztatzea.
CCOO sindikatuak lehiaketaren aurka egin zuen, besteak beste
argudiatuta hizkuntza betebehar horiek ez datozela bat Barakaldoko errealitate
linguistikoarekin.
Ondorioz, epaiketa bat egin eta EAEko Auzitegi Nagusiak CCOO
sindikatuari arrazoia eman zion, eta Barakaldoko udalak ez du helegiterik
aurkeztuko epai horren aurrean.
Horrenbestez, Barakaldoko 26.000 euskalduni hizkuntza eskubideak
urratzen zaizkigu eta ebazpen horrek urraketa hau betikotzea dakar. Are
gehiago, honelako injustiziak herri gehiagotan errepikatzen lagun lezake.
Egoera hau biziki larria iruditzen zaigunez, gaur hemen kontzentratu
gara.
Hala eta guztiz ere, argitu nahi dugu langileen lan eskubideen alde
gaudela, eta euskara ikasteko baliabide egokiak eta behar dituzten erraztasunak
izatea eskatzen dugula, beraien jarduera bi hizkuntza ofizialetan burutzeko
aukera izan dezaten. Ez dugu nahi euskara langileen eskubideak murrizteko
aitzakia bezala erabilia izaterik, baina, ostera, eskubide horien defentsak ez
ditzala euskara eta gure eskubideak gutxietsi edo baztertu.
Jakin badakigu gai baten inguruan horrenbeste iritzi dagoenean zaila
dela irtenbide egokiena topatzea, baina guztion interesak asebetetzen dituzten
erabakiak eta konpromisoak adostu behar dira. 30 urte luzeren ondoren
agintariek gaiari seriotasunez eta bitartekoekin heldu behar diotela irmoki
uste dugu. Herritarrok gure lana egiteko gaude, batzuetan erabakiak txalotzeko
eta besteetan salatzeko. Gu, euskaldunon elkarte garen heinean, euskara eta
euskal kultura herrira barreiatzeko dinamikan arituko gara eta euskaldunon
eskubideak defendatuko ditugu, horretarako gure esku dauden bitarteko guztiak
erabiliz.
Gure aldarria argia da: zerbitzu publiko guztietan euskarazko arreta
bermatuta izatea eskatzen dugu, legeak ezartzen duen bezala.
Sortu den egoera honek argi erakusten du bidea luzea dela, baina, aldi
berean, orain dela 30 urte baino laburragoa. Oztopo nabarmenak daude bidean
baina denok batera aurrera egitea lortu dugu. Orain lan txukuna egiteko garaia
da, oztopoak gainditzen jarraitzeko unea. Saihestu ditzagun bidezidorrak. Gure
ustez, afera honetan eragile bakoitzaren hausnarketa egiteko unea heldu da eta
hainbeste erabiltzen den ADOSTASUNA hitzetatik ekintzetara igaro behar da
EUSKARAZ GURE HERRIAN BIZI NAHI DUGUNON ESKUBIDEAK BERMA DITZATEN, ez bakarrik
komunikatuetan, baizik eta egunerokotasunean. Horretarako, gai honi merezi duen
lehentasuna eman eta behar beste baliabide martxan jarri beharko lirateke.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi diegu bide desberdinetatik elkartasuna
erakutsi diguten guztiei. Eta eskerrik beroenak gaur hona gerturatu zareten
guztioi. Sasibururen filosofia berdinen arteko elkarrizketan eta elkarlanerako
prestutasunean oinarritzen da. Beti aipatu dugu lan xumea egiten dugula, baina
inork ez dezala pentsa xume izateagatik ez dugula beteko herriko euskaldunekin
adostu dugun konpromisoa: Barakaldon euskaraz bizitzeko baliabide guztiak
aktibatzea.
Gora Barakaldo euskalduna!
Barakaldo, 2023ko urtarrilaren 13a.