SASIBURU ELKARTEAK beste jarduera interesgarri bat antolatu dugu datorren urteko urtarrilaren 31an.
"JUANA" LIBURU AURKEZPENA. JON ARTANO IDAZLEA
JON ARTANO ETBKO kazetaria eta idazlea Barakaldora ekarriko dugu bere liburu berri horren aurkezpena egiteko.
Juana nork eta zergatik hil zuen ulertzeko, krimena gertatu zen tokira bidaiatu, lekukoekin mintzatu, eta ikerketako agiriak arakatu ditu Jon Artanok. Behatxuloa dago orriotan Amerikako gatazka armatu zaharrenari begiratzeko, horko logika makabroa ulertu eta biktima bakoitzak inguruan sortzen duen samina sentitzeko. Literaturaren saskitik hartutako aparailuez txirikordatu du egileak Juanaren eta haren familiaren historia. Eta kazetaritzak zor duen zorroztasuna muturreraino eramanaz egin du hori, gerra garaiko Bizkaia eta gaur egungo Kolonbiako ertzik basatiena lotuz epopeia harrigarrian.
Juana liburua Barakaldon zergatik aurkeztu nahi dudan galdetu didate… Hauxe erantzuna, motzean: Pereatarren sustraiak zuen hirian daudelako. Bertakoa zen Juanaren familia. Han jaio ziren bere aita, eta osaba-izebak. Bertakoa zuten aitite ere: Andres Perea Gallaga, barakaldar petoa, Foruen Plazaren ondoko etxe batean jaioa, eta pertsona inportantea Barakaldoko eta, are, Euskal Herriko historian. Perea Gallaga EAE-ANVko kide garrantzitsuenetakoa izan zen gerra aurreko urteetan -Barakaldoko gazteen artean indar handia lortu zuen alderdi abertzale ezkertiarrak–. 1936an Agirre lehendakariaren jaurlaritzara batu zen, ogasun saileko goi-agintaritzan, eta Euzkadiko urrea atzerrira ebakuatzeko lanak zuzendu zituen. 800 kiloko altxorra faxisten atzaparretan jaustea eragotzi zuen Herbeheretara eramanaz Thorpehall ontzian, isilka eta azken orduan antolatutako misio sekretu batean.
Juana liburuan, jakina, Juana Perea euskal jatorriko ekintzailearen bizitza, eta heriotza, da gai nagusia, baina bere familiaren historia ere josi dut lehendabiziko partean, eta historia horren zuztarrak zuenean daude.
NOIZ: URTARRILAREN 31an, arratsaldeko 19:00etan.
NON: KILIMA FAKTORIAN (SAN BIZENTE KALEA 45).
ANIMA ZAITEZ ETA ETORRI!!