2015-06-16

Barakaldoko Mega Parken #ZergatikEzEuskaraz?

Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarri duen "eta hau zergatik ez EUSKARAZ?" kanpainari jarraiki, Sasiburu elkarteko kideok irteera bat antolatu genuen Barakaldon, eta hainbat motako frankiziaz eta saltokiz josita dagoen Mega Park gunera joan ginen pegatinak itsastera. Espero bezala, kanpaina honetako eranskailuak jartzeko lekuak barra-barra ziren han. Fashion Outlet delakotik hasita, Yelmo zinemetaraino eta KIWOKOtik hasita Leroy Merlineraino, gaztelania hutsez idatzitako hainbat eta hainbat kartel eta testu aurkitu genituen: juguettos, Calvin Klein, toys R usKrunch, ChiquiTin, KIABI, El Corte Inglés, Norauto, C&A, JOTA+GE, DonGa, Desigual, DECATHLON... Haratago dauden jatetxeetan berdin: McAuto, pollitos, KOKOXILY. Max Centerreraino ez ginen heldu baina ziur hizkuntz paisaia berdintsua aurkituko genuela.


Gogoratu beharra dago Barakaldoko 20.000 auzotar euskaldunak garela; bertoko dendek kontuan hartzeko moduko kopurua. Baina gogoratu beharra dago ere, Mega Park merkataritza-gunera joaten direnak eskualde osoko auzotarrak direla, zaretela, eta horregatik bezeroak beraien artean euskaraz hitz egiten entzutea oso ohikoa dela. Horregatik, ulergaitza egiten zaigu hainbeste diru mugitzen duten enpresa hauek euskarari merezi duen lekurik ez gordetzea. Topaguneko ekimen honi esker gauzak aldatzen joatea espero dugu, hainbat euskaldun baikaude desian gauzak hobeto egin ditzaten.

Hala ere, badira toki batzuk gure ustez aipamen berezi bat merezi dutenak. Batzuk zentzu txarrean eta beste batzuk zentzu onean. juguettos eta toys R us jostailu dendak eta ChiquiTin haurtzaindegia adibidez haur txikiei zuzenduak daude eta harrigarria iruditzen zaigu sarrerako atean bertan gaztelania hutsezko kartelak aurkitzea. DonGa jatetxeak eta JOTA+GE dendak berriz, bertokoak dira baina euskarataz paso egiten dute.

Amaitzeko, IKEA eta Forum Sport aipatu nahi ditugu. Izan ere, azken bi hauek izan ziren elebitasuna serio hartzen zutela ikusi genituen bakarrak. Azken honen kasuan gainera, kartel guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egoteaz gain euskara gaztelaniaren aurretik agertzen zen. Beraz, hau izan zen gure txango guztian pegatinak jartzera joan eta jarri gabe utzi genuen leku bakarra. Bikaina izango litzateke beste saltoki eta frankiziek eredutzat hartuko balute.

Mega Park albo batera utzita, Barakaldoko beste txoko askotan ere pegatinak itsatsi ditugu azken asteotan. Prestatu dugun argazki bilduman kontsulta ditzakezue.