2021-07-01

IRAKURLE KLUBA. ODOLEKOAK LIBURUA

 

Barakaldoko Irakurzaleek aukeratu dute jada urrirako irakurriko duten liburua: Antxiñe Mendizabal Aranburu idazlearen Odolekoak eleberria. Behin irakurrita, Clara Campoamor Kultur Etxean elkartuko dira, urriaren 5ean, 19:30ean. 

1941ean hasi eta oraintsu arte, Iruñeko familia baten historia kontatzen digu nobelak, hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez: Matilde, Teresa eta Amaia, nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka.

Unean uneko modak, gertakariak eta bizimoduak pasatzen dira ispilu ibiltari baten aurretik; gizartearen tenkak, borrokak eta aldaketak ageri dira kronika bizi honetan. Historia handiaren gainetik, ordea, hainbat jenderen istorioak ezagutuko ditugu: Echalucetarrenak, baina baita haien ahaide, neskame, lagun eta etsaienak ere.

Baina, batez ere, ama-alaba harremanei buruzko kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria da esku artean duzuna: lotura zail, konplexu eta mingarria, sentimendu kontrajarriz osatua, edari bizi batzuen antzera, sartzean eztarria erre eta barrena luzaroan berotuko dizuna.

Horrez gain, Turista klasea liburuari buruzko kronika hemen klikatuta ikusi ahal izango duzu

Izena emateko: 

678 626 567 telefono edo barakaldo_berba@aek.eus e-postara jo.