2012-01-06

Inorako bidaia antzezlana



Kukubiltxo antzerki taldekoek datorren urtarrilaren 27an gaueko 20:00etan Barakaldoko antzokian antzeztuko dute: Inorako bidean lana.
Hona hemen antzezlan horren laburpena:
Mendiko herrixka bateko biztanleak sistema ideologiko errepresibo batean bizi dira. Utopia izeneko tabernan batu eta irratian berriak entzuten daudela Haizea eta Askatasuna programa aurkitzen dute. Bertan Carmen egunean 9 pertsonak ihes egitea erabaki dutela entzuten dute eta mendiko biztanle hauek marinel bihurtzen dira askatasunaren bila.

2012-01-03

Hizkuntz eskubideak

Geure bazkideetako batek honako kexa hau luzatu digu Euskadiko kutxako sukurtsal batean izandako esperientziaz:


 Atzo Barakaldoko Foruen etorbidean dagoen sukurtsalera joan nintzen transferentzia bat egitera eta 55 minutu itxaron behar izan nituen (12:55etatik 13:50etara).

Heldu eta jarraian harrera mahaira joan nintzen eta libre zegoen pertsonari, euskaraz, transferentzia bat egin nahi nuela esan nion. Gizonak gaztelaniaz hitz egiteko esan zidan eta nik euskaraz zekien norbaitekin aritzea nahiago nuela esan nion. Orduan gizonak mahai batean zegoen Oierrengana joateko esan zidan. Argitu nahi dut, biok adeitsuak izan ginela eta zentzu horretan ez zela inolako arazorik egon.

Kontua da, Barakaldon 10.000 euskaldun inguru daudela. Ni beste sukurtsaletako bezeroa izan naiz eta beti euskaraz aritu arren inoiz ez dut hainbeste denbora itxaron behar izan era guztietako erakigetak egiteko (etxe bizitza kontua, mailegua, errenta aitorpena eta abar). Eta are gutxiago transferentzia sinple bat egiteko. Euskadiko Kutxan ia ordu bat itxaron behar izatea dagoen eragiketarik errazena egiteko onargaitza iruditzen zait. Salagarria ere, eta hau da kexa honen arrazoia.

Foruen etorbidean dagoen sukurtsal handi honetan, Euskal Herriko euskalkiak erakusten dituen mapa ezagun bat dago, bi metro inguruko neurrikoa. Euskararekiko atxikimendu hori transmititzea eta gero hainbat langiletik (hamar bat inguru ikusi nituen) euskaraz hitz egiten dakien pertsona bakarra egotea lotsagarria iruditzen zait. Mota guztietako eragiketak egiteko pertsona bat bakarra izatea (kredituak, diru-sarrerak, pertsioak, transferentziak, kontu berriak, hipotekak...) ez da bat ere praktikoa, lehenik eta behin bezeroentzat. Kutxak benetan Barakaldoko euskaldunon artean bezeroak irabazi (edo besterik gabe mantendu) nahi baditu, egoera hau konpondu gabe jarraitu ezin duela iruditzen zait.

Nire iritzia kontutan izango dituzuelakoan eta hau konpontzeko erabakiak hartuko dituzuelakoan, jaso itzazue nire agurrak.





                        

IPAR HAIZEAREN KONTRA antzezlana


 Datorren urtarrilaren 22an, igandea, arratsaldeko 19:00etan euskarazko antzezlan bat ikusteko parada izango dugu: IPAR HAIZEAREN KONTRA.
Daniel Glauttauer idazlearen Gut gegen Nordwind eleberrian oinarritutako obra da eta Fernando Bernues da zuzendaria.
Hemen duzue antzezlan honen  nondik norakoak:
Emmi Rothener-ek LIKE aldizkariko harpidedun izateari utzi nahi dio. Hori dela eta, mezu bat bidaliko die argitaletxekoei. Okerreko helbidera bidaliko du, eta Leo Leikeren postontzira helduko da. Otsailaren amaieran, Emmik aldizkaria jasotzen jarraitzen duenez, beste mezu elektroniko bat bidaliko du. Mezua berriro Leori helduko zaio. Emmik barkamena eskatuko dio eta hala, poliki-poliki sakontzen joango den harremana sortuko da eta elkarrenganako dependentzia handitu egingo da.