2023-01-06

BERRIZ ZENTAURO. IRAKURZALE KLUBA



Irakurle klubekoek oraingo honetan Katixa Agirre idazlearen azken liburua irakurtzeari ekingo diote.Liburu horrek bidaia zoragarri batean murgilduko gaitu, animatu irakurtzera eta gurekin zure sentsazioak eta gogoetak partekatzera!

NON: CLARA CAMPOAMOR KULTUR ETXEAN

NOIZ: URTARRILAREN 10EAN. ARRATSALDEKO 19:30ean



2023-01-05

BARAKALDOKO EUSKALDUNON ESKUBIDEAK BABESTEKO BILERA IREKIA

Berriki jazo denaz gure kezka agertu nahi dizuegu (ikusi beheko estekak), izan ere, bereziki larria irizten diogu, eskubide urraketa izateaz aparte, ekar dezakeenari beldur diogulako. Hau da, euskaldunok eskubidez ditugun arreta eskubideak gal ditzakegulako eta, erabaki judiziala denez, aurrekari legal bilaka daitekeelako, zeinak euskararen atzera pausu legal gehiago ahalbidetuko lituzke.

Legearen erabilpen maltzurraren lekuko izan gara, izan ere, langileen eskubideen defentsaren mozorropean euskararen eta euskaldunon aurkako epaia inposatu digutelako. Finean, erabaki horrek bigarren mailako herritar bihurtu gaitu Barakaldoko zerbitzu publikoen aurrean eta are zailago egin du berez zaila dena: Barakaldon euskaraz bizi ahal izatea.

Ustez, legeak bi hizkuntzak koofizialak eta baliokideak direla ezartzen du, baina adibide honek sinesmen horren baliogabetasuna baino ez digu azaleratzen.

Honengatik guztiagatik, zuekin bildu nahi dugu iritziak trukatzeko eta gurekin batera animatzen zareten taldeekin eta norbanakoekin erantzun bateratu bat antolatzeko (adibidez, datorren ostiral arratsaldean elkarretaratze bateratu bat edo adosten duguna). Erantzuna erabakitzeko datorren asteartean 18:30etan Herriko Plazako eszenatokian egingo dugun bilera irekira dei egiten dizuegu.

Elkar aurki ikusiko dugulakoan, ondo segi.

Informazio gehiago: