2022-12-01

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO TXERU!

Gaur gure saria eta gure zorionak Txeru Garcia Izagirrentzat dira. Denok dakigu gaur egun Barakaldon euskara ikastea askoz errazagoa dela orain dela 40 urte baino.

Gaur, badira euskaltegiak, hiztegiak, liburuak eta beste horrenbeste baliabide. Baina orain 40 urte Txeru, beste hainbatekin batera, euskara ikasten hasi zen eta ordutik Txeruk hizkuntza mantendu, bultzatu eta defenditu du, alegia, maite duelako. Besteak beste, ikasi bezain pronto, irakasteari ekin zion eta AEKko irakasle izan zen 80ko urte latzetan. Bestalde, idazle emankorra dugu bera, izan ere Barakaldoko aldizkarian zenbait artikulu plazaratu ditu (adibidez euskalgintza barakaldon 1960-19809), eta hainbat liburu ere idatzi ditu, nabarmenenak Ibaibe Herri Ikastetxea eta Barakaldori buruzko bibliografia izaki.
Baina idazmena ez da bere dohain bakarra, musikan ere aritua baita, eta hala, Barakaldoko abestien bilduma ere argitaratu zuen. Horretaz aparte, ahozkotasunean ere trebea dugu, eta Sasiburuk antolaturiko hainbat hitzaldi eman izan ditu, baita beste elkarte batzuentzat ere.
Txeru euskaltzale amorratua izan da betidanik, hitzez eta ekintzez. Beti euskal elkarteen aldamenean eduki izan dugu, lagunduz eta hizkuntza sustatuz. Hala nola, Sasiburu euskara elkarteko bazkide izan da 30 urtez.
Horregatik uste dugu omenaldi xume hau merezi duela herri honi egindako ekarpen eskergagatik. Mila milioi esker, Txeru! Zugatik bagara eta izango gara!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina