Aurtengo Gabonetan, bi film euskaraz estreinatuko dira zinema-aretoetan: abenduaren 22an, Norvegiako A casa por Navidad filma iritsiko da, Donostiako Zinemaldiaren aurtengo edizioan Gidoi Onenarentzako Epaimahaiaren Saria jaso duen berbera. Gabon-kanta moderno honek umorea, tragedia, xamurtasuna eta etsipena uztartzen ditu era askotako pertsonaien bitartez, eta abenduaren 29a arte izango da ikusgai. Urtarrilaren 3an hasi eta hilaren 9a arte, haur, gazte eta helduei zuzendutako familia giroko La sustituta film daniarra estreinatuko da. Bertan, seigarren mailako talde bateko ikasleek ahaleginak eta bi egingo dituzte, irakasle berria asmo txarrez betetako alienigena bat dela jakinarazteko beren gurasoei...
Euskaraz banatuko diren lehenengo DVDak, Horton eta Ice Age 3 filmenak, hilaren 22an jarriko dira salgai azalera handietan eta ohiko saltokietan, 12,95 euroko prezioan.
Horrekin batera, abenduaren 22tik aurrera, www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneek 30 film euskaraz eta on line ikusteko aukera eskainiko dute, baina deskargatzeko aukerarik gabe. Zinema euskaraz eta doan ikusteko aukera berritzaile honetarako, film horien eskubideen inguruko akordioa ere mamitu da. Printzipioz, film bakoitza 2.000 erabiltzailek ikusi ahal izango dute, hau da, ordenagailu bidez zinema ikusteko 60.000 gonbidapen banatuko dira. Unibertsolariak, Betizu eta urrezko zintzarria, Karramarro uhartea, Crisis carnívora, Cristobal Molón, Munduaren bira doan eta La leyenda del Unicornio dira, besteak beste, ekimen honetarako aukeratu diren animaziozko 20 filmetako batzuk. Gainerako 10 fikziozko filmen artean, Aupa Etxebeste, Ilargien sekretua, Ander eta Sukalde kontuak bezalako tituluak aurki ditzakegu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina