2024-12-12

IZARAPEAN


Barakaldoko Udalak, HALA DZIPO euskal musika eskolaren laguntzaz, IZARAPEAN programa jarri du martxan:

  • HELBURUA: Familia giroan, euskararen erabilera sustatzea:
    • 4, 5 eta 6 urteko haurrei zuzenduta
    • Musika, kantak, jolasak, irudimena…
    • 2 saio (45 – 50 minutu) – hilean behin
      • Bi saioetarako emango da izena.
      • Familia bakoitzak BEHIN bakarrik eman ahal izango du izena.
    • Euskaraz (gurasoek, gutxienez, euskara ulertzea beharrezkoa da).
    • Doan!


  • SAIOAK:
    • Abenduaren 20an eta Urtarrilaren 17an.
    • 17:30etan.
    • NON: Kilima Faktoria euskara bilgunean (San Bizente 45).
    • Plaza kopuru mugatua.

2024-12-09

200 URTEKO HISTORIA


 BMb-k eta Laguntasunak 200 urte dituzte bien artean, eta, egun berezi honetan, publiko guztiarekin partekatu nahi dute Barakaldoko kulturaren historiako ibilbide luze hori, bereziki prestatu duten musika eta dantza ikuskizunarekin.


Laguntasuna elkartea 1949. urtean sortu zen; beraz, 75 urte bete ditu jada. Dantza-talde bat baino gehiago, euskal kulturaren alde diharduen kultura erreferente bat da. Dantza, musika, erraldoiak eta kantua lantzen ditu, «auzogintza eta herrigintza» leloa bere proiektuaren oinarri hartuta. Europako eta Amerikako hainbat tokitara eraman du Barakaldoren izena, eta herriko kultura-eragile ugarirekin jardun ohi du lankidetzan.


   200 URTEKO HISTORIA


   NOIZ: Abenduak 13, ostirala, 20.00etan.

   

   NON: Barakaldo Antzokian


Lortu zure gonbidapena doan.


Abenduaren 13an, 18.00etatik aurrera Antzokiko txarteldegian.



2024-12-06

Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, larunbatean euskaltzaleok Durangora

Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangon mobilizatzeko deia egiten dugu

2024-11-07 Euskal Herrian Euskaraz

Euskararen Errepublika eraikitzeko premia inoiz baino agerikoagoa dela ulertuta, manifestazio nazionala deitu dugu. 18:00etan abiatuko da Landako Gunetik.

Aurrera edo atzera? Hor dago koxka.

Euskarak, euskaldunok, urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta, beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik. Jada, ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago.

Bidean aurrera egin genuen, nahiz eta aurkako indarrak, beti hor egon, gure hizkuntza, eta ondorioz, “gu” hori desagerrarazi nahiean. Zoritxarrez, azkenaldian, aurkako indar horiek bizkortu egin dira eta euskararen aurkako erasoaldi bat, oldarraldi bat, bizi dugu; epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikatu eta alderdiren diskurtsoetatik datorkiguna. Aurrera egindako guzti hori atzerarazi nahi dute. Bitartean, sistema basati honek gero eta mundu globalizatuago eta atomizatuago bateruntz eramaten gaitu, herriak eta komunitateak deseginez.

Bizi dugun oldarraldi hau ez da fenomeno isolatu bat. Munduan zehar indartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren baitan kokatu beharra dago. Logika berberaren baitan altxatzen dituzte olatu atzerakoiak: langileon bizi baldintzak kaxkartu, emakumeon eskubideak murriztu, sexu disidentziak zigortu, etorkinekiko gorrotoa hauspotu, interes elitisten mesedetarako herriak zatitu eta suntsitu…

Ez dugu mundu hori nahi. Ez dugu atzera pausorik onartzen. Faxismoari aurre egin behar diogu, euskaratik eta euskalgintzatik ere!

Baina, ezin dugu jasotako erasoei erantzute hutsarekin konformatu. Eta ez da nahikoa horiei aurre egiteko adostasun zabalak eraikitzea ere. Gure helburuetan berretsi eta horietara iristeko indar handiagoa egitea dagokigu, bide horretan gatazka egokiak piztuz, pedagogia eginez, bestelako borrokekin saretuz, eta espazioak irabaziz. Baina, guk argi dugu, Euskal Herri euskalduna lortuko badugu, beharrezkoa izanen da euskara ardatz izanen duen independentzia lortzea, hau da, Euskararen Errepublika eraikitzea.

Ez dugu dagoenarekin konformatu nahi, ez dugu anestesia edo lasaigarririk behar, herri euskaldun eta burujabe bat nahi dugu. Aske zentzu guztietan. Eta horregatik, bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka guzti horiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasten, asko da jada egin dena, beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bide hori, egunerokoan, intsumisiotik eta antolatuta. Euskal Herria izan dadin mundu ilun honetan itxaropen-argi, askapenerako bidean, inspirazio-iturri.

Abenduaren 7an, euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu Durangon. Manifestazio nazionala eginen dugu, arratsaldeko seietan Landako Gunetik hasita; faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea ikustarazteko, hizkuntza-larrialdiaren aurrean, Euskararen Errepublika eraikitzea beharrezkoa dela aldarrikatzeko eta helburu hori, beste askorekin batera, borrokatuz, lortuko dugula baieztatzeko.

Horregatik, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangora!

2024-12-05

Bertsohop Basurekin


 Adi, gurasook! 👨‍👩‍👧‍👦

#Umetxoak programaren barruan, proposamen bikaina dago zuentzat! 
👉 #Bertsohop Basurekin
🧑‍🦱2013-2018 urte bitartean jaiotakoak.
📅 Abenduaren 11an, asteazkenean,18:00etan.
📌 Clara Campoamor kulturgunean.

                  ANIMA ZAITEZTE!!

2024-11-29

INGURALDE ERAKUNDEAREN GUTUNA


       Inguraldekoek "Barakaldo kontsumo bonoa iragartzeko webgunearen euskarazko bertsio inkonpetentea" argitaratu zutela eta SASIBURU ELKARTEAK gure kexa adierazi genion Barakaldoko udaleko erakunde horri. 

Gertaera honen ondorioz, honako hauxe exijitu egin genion:


1.- Barkamen publikoa bi hizkuntza ofizialetako baten erabilera umiliagarriagatik.
2.-Webgunea blokeatu, behar bezala itzulita egon arte.
3.- Behar diren baliabideak jartzea, azaldu dugun bezalako gertaerak berriro gerta ez daitezen.


Zenbait hedabidetan gure kexa agertu ostean, eta Hizkuntza eskubideen behatokiari gure ezinegona eta haserrea agertu ostean, INGURALDEk ondoko barkamen eskaera gutuna bidali digu, bertan berehalako neurri hauek iragarri nahi dituzte:

1.     Webgunearen zuzenketa eta ikuskapena: Ataria aldi baterako blokeatuko da, harik eta hizkuntza-adituek euskarazko bertsioa berrikusi, zuzendu eta balidatu arte.

2.     Barne prozesuen berrikuspena: Protokolo zorrotz bat ezarriko dugu euskarazko itzulpenak argitaratu aurretik profesional kualifikatuek egin eta gainbegiratuko dituztela bermatzeko.


 Inguraldek emandako erantzuna ontzat jotzen dugu, baina geure bazkide batek esan digunez, kontua ez da egun batean euskararen alde dagoela esatea, baizik eta egunero euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea barakaldotar guztien eskubidea baita! 





 

2024-11-28

Ahots hari – Ez dadila haria eten

 

  Dakizuen bezala, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Euskara Zerbitzuak eta HalaDzipok herriko beste eragileekin batera ikuskizun zoragarria prestatu dute, animatu!

  • Ahots hari – Ez dadila haria eten

    • Barakaldoko dantza, musika eta euskara taldeek elkarlanean sortutako ikuskizuna.
    • Barakaldo Antzokian.
    • Abenduaren 3an, arratsaldeko 19:30ean.

SARRERAK – Barakaldo Antzokiko txarteldegian. DOHAINIK!!

Gainera SASIBURU elkartekook azken urteotan lez, SASIBURU SARIA banatuko dugu Barakaldoko euskalgintzan nabarmendu den pertsona edo saltoki edo erakunde bati eman ohi duguna.
Aurten Barakaldoko elkarte euskaltzale ezagun bati emango diogu. Zein ote da? Jakin nahi baduzu, anima zaitez eta etorri!!:

Euskal dantzaz, musikaz eta kulturaz gozatzeko aukera bikaina izango da!

2024-11-27

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna

 

 Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da Euskal Herri osoan.Hori dela eta, zenbait jarduera antolatu dute Barakaldoko hainbat eragilek.Hasteko, Udaleko Euskara Zerbitzukoek jai aparta antolatu dute Barakaldoko gazteekin batera Euskararen eguna ospatzeko.

Euskararen Astea - Herriko Jaia: pintxadak, raperoak, musika zuzenean… eta askoz gehiago!

  • NOIZ: Abenduak 4, asteazkena,16:30etik 20:30era.
  • NON: Herriko Plazan (euria badago, Lasesarreko frontoian).

Bestalde, Bertsolaritza gustuko duzue? Hala bada, zer iruditzen zaizue bertsolaritzaren mundu miresgarriaz gozatzen bagara?

Barakaldoko Hizkuntza Eskolak aukera hori eskainiko digu Euskararen Nazioarteko Egunean!

  • Abenduak 3 (asteartea)
  • 17:00etan
  • Barakaldoko Hizkuntza Eskolako areto nagusia
  • Bertsolariak:
    • Oihana Bartra
    • Arkaitz Estiballes
  • Gai-jartzailea: Asier Alcedo
                                          ANIMA ZAITEZ!!



2024-11-25

Barakaldo kontsumo bonoa iragartzeko webgunearen euskarazko bertsio inkonpetentea

Gaur, azaroaren 25ean, Barakaldoko udaletxeak, Inguralde garapen agentziaren bidez, abian jarri du kontsumoa sustatzeko kanpaina, baina webgunearen euskarazko bertsioko testu ia guztiak euskara ez den ‘hizkuntza’ bat erabiliz. 


Adibide gisa: 

25 azaroaren 5 abenduaren gorde 33% zure erosketak, berriz, gidatzeko tokiko ekonomia. Lortu zure bonus eta gástalos batean establezimendu parte hartzen duten kanpaina.


Barakaldon, 2024ko azaroaren 25ean

Barakaldoko SASIBURU kultur elkarteak harriduna eta haserrea agerian utzi nahi du Barakaldoko udaletxeak, Inguralde garapen agentziaren bidez, abian jarri duen kontsumoa sustatzeko kanpainagatik. Webguneko atariko orria izan ezik gainontzeko guztietan euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzen da eta bonoa erosteko dokumentu osagarria gaztelania hutsez dago.

Argi dago lan honen atzetik hizkuntzen konpetentziarekin arazo larria dagoela. Hegemonikoa den hizkuntza batean ‘‘consigue tu bonus y gastatu’ edo ‘de noviembre 25 y de diciembre 5 guarda 33% tus compras’ horrelako esaldirik irakurriko bagenitu mundu mailan ikusgai dagoen webgunea segituan itxiko zuten eta  kritikak barra-barra entzungo lirateke.


Are gehiago, Barakaldo, biztanleei dagokionez, Euskal Herriko bosgarren hiria izanik ez dauka hau gerta ez dadin inolako bitartekorik? Inork ez du gainbegiratzen publiko jarriko diren dokumentuak, webguneak? 


Gertaera honen ondorioz, honako hau eskatu baino exijitu egiten dugu:

1.- Barkamen publikoa bi hizkuntza ofizialetako baten erabilera umiliagarriagatik .

2.-Web gunea blokeatu, behar bezala itzulita egon arte.

3.- Behar diren baliabideak jartzea, azaldu dugun bezalako gertaerak berriro gerta ez daitezen.

Eta honek guztiak arduradunak dituenez, hor doa zerrenda:

Kanpainaren aurkezlea: Barakaldoko alkatea.

Ekimenaren arduraduna: Udaletxeko Pertsonal saileko arduraduna.

Kanpainaren erraztaileak: Barakaldoko Udaleko Garapen Agentzia, Inguralde

Orriaren diseinatzaileak: Agencia de publicidad Drowers

* Arduradunei buruzko informazio guztia EAJren komunikatua alkatetzan oharretik, Barakaldo Digitaleko berritik eta bonobarakaldo webgunetik atera da.

Sasiburu kultur elkarteak hausnarketa batekin bukatu nahi du: Gutxiengo bati etengabe tratu txarrak ematen zaizkiola kontuan ez hartzea - bai, Barakaldon gutxiengoa garela onartzen dugu, duintasunez gainera eta gehiegitan gaztelaniarekiko errespetu kezkatsua erakutsiz- beste alde batera begiratzea da, eta barakaldar guztien hizkuntza-eskubideak ez errespetatzea.

Hizkuntzak gizarte baten adierazpen bizi-biziak dira, gure kasuan Barakaldokoa. Haiekiko sentsibilitaterik txikiena ere ez badago, hizkuntzen etorkizuna iluna izan daiteke, baina inplikatutako hiriarena marjinala, pobrea eta atzeratua izango da.

Eragile bakoitzak bere hausnarketa egin dezala eta behar dituen erabakiak har ditzala. Sasiburun argi daukagu, urratsez urrats Barakaldon hizkuntza eskubideak bermatu arte. 

SASIBURU KULTUR ELKARTEA

Informazio gehiago nahi izatekotan sasiburu@gmail.com