1936ko kolpe faxistaren ondoren, milaka haur euskaldun erbesteratu ziren. Haien istorioak, ordea, ez dira iraganeko orri itxiak: gaurko gazteen galdera, beldur eta ametsekin gurutzatzen dira.
Ezer ez delako amaitzen antzezlan multidiziplinarra da, Loraldia Eskola lerroaren baitan sortua eta Euskal Herriko leku ezberdinetako 5 ikastetxetako DBH eta Batxilergoko ikasleekin elkarlanean eraikia. Antzerkia, musika eta mugimendua uztartuz, collage moduko pieza garaikide bat osatzen du: haur erbesteratuen testigantzak eta gaur egungo gazteen begirada eszenatokian elkartzen dira. Ikuskizunak memoria historikoa eta egungo errealitatea lotzen ditu, faxismoa, arrazakeria eta indarkeria berriro ager ez daitezen.
Euskaraz sortutako lan kolektiboa da, publiko gazte eta helduarentzat egina, emozioa eta hausnarketa uztartzen dituena.
💥Ikuskizun honek memoria historikoa gaurkotu nahi du, eta, aldi berean, erreparazio ariketa bat proposatzen du: isilarazitako bizipenei lekua eman, gazteen ahotsa erdigunean jarri, eta iraganari begiratuz oraina hobeto ulertzeko aukera eskaintzea.
Sortzailea: Intxorta 1937 Kultur Elkartea. Ekoizlea: Loraldia. Gidoia: Joseba Sarrionandia. Jatorrizko testua: Joseba Sarrionandia – Espainiako Gerrako umeak (1936–1939) Hamaika eszena. Zuzendaria: Igor Martín de Vidales. Zuzendari laguntzailea: Jaime Valverde. Parte hartzen duten ikastetxeak: Iurretako Juan Orobiogoitia BHI, Zumarraga-Urretxuko JM Iparragirre BHI, Duranako Ikasbidea IPI, Durangoko Fray Juan de Zumarraga BHI, Bilboko Ibarrekolanda BHI.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina