Pasa den abenduaren 3an, urtero bezala, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Hainbat herritarrok, gizon zein emakume, zahar, heldu zein gazte, egun berezi honetako ospakizun desberdinetan parte hartu genuen Euskal Herri osoan zehar.
Barakaldon ere hainbat jarduera egin dira azken asteotan euskararen eguna ospatzeko, eta guztien artean, agian hunkigarriena, Haladzipo elkarteak Barakaldoko gainontzeko elkarte eta talde euskaltzale gehienekin batera egin zuen “Bizitza triste eta ederra” ikuskizuna izan zen. Bertan, zendu berria den IƱigo Muguruzari egin zitzaion omenaldia.
Barakaldoko Sasiburu elkartekook, jarduera eder hori aprobetxatu genuen Sasiburu Saria banatzeko. Barakaldoko sari honen bigarren edizioan, Endika Lahaine rapero barakaldarrari egokitu zitzaion saria, euskal kulturaren alde eta euskararen alde egin duen eta egiten duen lan eskergagatik. Une gogoangarriak bizi izan genituen abenduaren 3an ekitaldi horretara urreratu ginenok. Une horietako bat, zalantzarik gabe, Endikak saria jasotzean esandako hitzak izan ziren; bere gurasoei eskerrak eman zizkien euskara ikasteko aukera emateagatik.
Abenduaren 3ak arnasa hartu, indarrak bildu eta aurrera are gogotsuago egiteko indarrak eman zizkigun. Izan ere, datozen hilabeteetan erronka berriak datoz: euskaraldiaren bigarren edizioa, udalaren euskara sustatzeko ekintza plana aurrera eramatea, guztion artean Barakaldon euskara eta euskal kultura sustatzen laguntzen jarraitzea... Aurrera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina