2022-06-10

LLANOKO JAIAK. VI. HERRI KROSA


 
  
Aurten ostera ere LLanoko jai batzordekoek geure elkartearen eta Barakaldoko AEK-aren laguntzaz 6. HERRI KROSA antolatu dute EUSKARAZ BIZI NAHI DUT leloarekin. 
SASIBURU elkartekook  Euskaraz bizi nahi duen herritar oro gonbidatu nahi dugu ekimen honetan parte hartzera.Haurrek nahiz helduek parte hartzeko aukera izango dute, zeren hiru lasterketa izango baitira: 

SENIOR, HELDUENTZAKO LASTERKETA. parte hartzaileek 6.750 m-tako ibilbidea egin beharko dute.

NOIZ:Ekainaren 18an, goizeko 11:00etan.

HAURRENTZAKO LASTERKETA. Umeek 250 eta 750 metrotako lasterketa burutuko dute.

NOIZ: Ekainaren 18an, goizeko 12:00etan.


Azkenik, 12:30ean HERRI LASTERKETA izango da guztiontzat.


                ANIMA ZAITEZ ETA PARTE HARTU!!

2022-06-08

KAYAK BILBOKO ITSASADARREAN

 



BARAKALDOKO GAZTE BULEGOkoek jarduera gozagarria antolatu dute:

    KAYAK EUSKARAZ!!

NOIZ: Ekainak 18.10:30-13:30.

NON: Bilboko itsasadarrean.

            Izen ematea: ekainaren 3tik 10era arte. 

            Informazioa: 

         Barakaldoko Gazte Bulegoa

c/ San Juan 17 - 48901 Barakaldo
94 478 95 96 - 688 63 99 35

2022-06-03

KOLORETAKO ZIABOGAK. GURASOLAGUN


  Aniztasuna lantzeko jolasak egingo dituzte gurasolagunek euskaraz. Elkarlana eta inklusioarekin lotutako jarduerak, hain zuzen. Tailer honetan bost ziaboga daude:  ahotsik gabeko abesti gorra, aldamenetik begirako marrazkia, gorputzarekin osatutako irudia, histori cubesekin sortutako istorioa eta usaimenaren puzzlea. Ziaboga bakoitzean talde bakoitzak esaldi baten zati bat lortuko du, eta zati guztiak elkartuta esaldi bat egongo da (zeinu-hizkuntzaz adieraziko dena). Ekintza ederra, dibertigarria eta inklusiboa izango da. 

Anima zaitez eta eman izena ekainaren 16rako.

           IZENA EMAN: 

                 telefonoz: 678 626 567 

            e-postaren bidez: barakaldo_berba@aek.eus 

2022-05-30

UDAN ERE BERBALAGUN



 Aurten ere euskaraz mintzatzeko aukera izango duzu Barakaldon. Udako kanpaina zabalik dago: zure euskara hobetu edota lagun berriak egin nahi badituzu, izan berbalaguna!

ANIMA ZAITEZ ETA IZENA EMON!!

Izena emateko: 678 626 567 edo barakaldo_berba@aek.eus


2022-05-24

SASIBURU ELKARTEAREN 30. URTEURRENA.


  Etengabe aurrera doazen denbora-bidaiariak gara, ezinbestean, eta euskaldunak ere bidaia kolektibo horretako bidaide gara. Urteak etorri eta urteak joan dira euskal komunitatean eta horrek etengabeko eboluzioan egotera garamatza, edozein animalia espezie nola.

  Eta berez txikia den hizkuntza unibertso honetan, are txikiago bilakatzen da lekuaren arabera. Gure Barakaldo halako toki bat da, hemen euskarak bere gorabeherak izan baititu denbora bidaia honetan. 

  Baina herri egoskorra garela erruz demostratu dugu eta egoskortasun horren agerkari goren da Barakaldoko euskara elkartearen 30. urteurrena; hain zuzen ere, aurten Sasiburuk 30 uda eta negu beteko ditu, eta tamainako efemeride hau ospatzeko maiatzaren 28an jai ederra antolatu du elkarteak berak Barakaldoko hainbat eta hainbat elkarte euskaltzalerekin batera.

  Hala eta guztiz ere, ospakizun honek, algara eta festa ez ezik, aldarria ere izango du xede; izan ere, egun kinka larria da bizi duena gure hizkuntzak, jakin badakigu ezagutzak gora egin duen arren, erabilerak ez duela pareko gorakadarik izan.

  Horregatik, mahaigaineratu nahi dugu ez dela nahikoa euskara jakite soilarekin edo norbera euskaldun dela pentsatzearekin. Mezu zaharra da, baina berebiziko garrantzia dauka honako hau: egiten ez den hori, ez da. Ez bada hitz egiten edota entzuten, ez da existitzen. Kitto.

  Gogora ekarri behar dugu gure arbasoek sekulako esfortzua egin zutela euskara kalera ateratzeko, ikas guneetan sartzeko, ofizialtasuna emateko. Kate luzea du euskarak, iragan lauso eta urrun batean daukana abiapuntua, eta historian zehar euskara katebegiz katebegi, eskutik eskura eman izan da. Eta hala, euskararen irakaskuntzak, euskal aktibismoak, Korrikak, Euskaraldiak eta abarrak azpimezu argia du: ez dadila katea eten, ez dezagun euskara albora.

  Gure esku dago etorkizuna, arestian esan bezala, etorkizunerako bidaiariak garelako, eta erabaki bat dugu egiteke: etorkizun horretan euskara egotea ala ez. Gure gogoa, ordea, etorkizunera begira egon arren, ez du ahazten iragana, ezta arbasoek egindako lana ere.

  Horixe da gure irakurketa eta mezua, horretan dihardugu ezinbestean, gure hautua garbia da. Baina atxikimendu egarriz gaude. Euskarak bere hazia barreiatu dezan, zoro/soro askoren beharra du, eta 2022. honetan, urteurrena aitzakiatzat hartuta, erleek eta pinpilinpauxek nola, hazi horiek Barakaldo eta Euskal Herria luze zabalean sakabanatu nahi genituzke. Lagunduko?

                


2022-05-17

BARAKALDOKO EUSKALDUNON JAIA



 Euskaltzale hori.

Urteak joan, urteak etorri eta SASIBURU elkarteak bere 30.urtemuga ospatu behar du.Urte hauetan guztietan euskarazko hainbat jarduera, ikuskizun, tailer eta kanpaina antolatu dugu.Batzuetan ekintza horiek geuk bakarrik antolatuak izan dira, baina beste batzuetan jai batzordeen laguntzaz edota beste eragileen laguntzaz,
Hain zuzen ere, 30. urtemuga honetan Barakaldoko hainbat talde euskaltzaleren laguntza izan dugu, baita Udalaren Euskara zerbitzuarena ere. Horiei esker itzelezko jai egitaraua prestatu dugu guztion artean

Ohartxo honi atxikita, euskaldunon jaiaren egitaraua duzue
Espero dugu guztiok egun ederra pasatzea eta zeuk ere BARAKALDOko EUSKALDUNON JAI horretan parte har dezazun.

HERRI BAZKARIrako tiketak Barakaldoko AEK euskaltegian eskura dituzue.

                       
                      

                     ANIMA ZAITEZ ETA ERDU GUREKIN!!


2022-05-13

EUSKAL ESKULTURAN ZEHAR. BISITA GIDATUA ETA SOLASALDIA

 


Datorren astean AZKEN MUGAko lagunen eskutik beste jarduera interesgarri bat daukagu Euskal eskulturen gaia dela eta.

Alde batetik, ILGNER eraikinean dagoen EUSKAL ESKULTUREN ERAKUSKETAra bisita gidatua egiteko aukera izango dugu.Jarraian leku berean SOLASALDI interesgarria izango dugu ondoko eskultoreekin:

Mikel Lertxundi, Olatz Pereda eta Koldobika Jauregi.

NOIZ. MAIATZAREN 19an, OSTEGUNA.

       BISITA GIDATUA: ARRATSALDEKO 18:00ETAN

       SOLASALDIA: ARRATSALDEKO 19:00ETAN.

NON: IGNER ERAIKINEAN (ALTOS HORNOS DE VIZCAYA ETORBIDEA, 33) BARAKALDO.

              

                            ANIMA ZAITEZ ETA ERDU!!




2022-05-12

BARAKALDOKO EUSKALDUNON JAIA.HERRI BAZKARIA

 Kaixo euskaltzale.





Dakizunez, Sasibururen 30. urteurrena ospatzeko maiatzaren 28an "Barakaldoko euskaldunon jaia" antolatzen gaude herriko hainbat elkarte eta  eragilekin batera.

Egun osoko egitaraua izango da eta herri bazkari bat antolatu dugu euskaltzale guztiak batzeko. Bertan Aingeru Gorrotxategiren musika eta Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegiren bertsoak edukiko ditugu. 

BERTSOLARIAK:  Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegi.

ABESLARIA:  Aingeru Gorrotxategi.

🍽 😎HELDUEN MENUA 18€
1. Marmitakoa
2. Barazki lasagna
3. Gazta tarta
+ Ogia, edaria eta kafea

🍽 👻HAURREN MENUA 10€
1. Makarroiak
2. Oilasko errea patatekin
3. Baserriko jogurta
+ Ogia eta edaria

Dagoeneko tiketak salgai dauzkazu Barakaldoko AEK-ko euskaltegian. Adi ibili, izena emateko azken eguna maiatzaren 25a baita.

Kuadrillan zabaldu eta animatu!