2016-04-12

1. BAGATZA ANTZERKI JAIALDIA


Apirilaren 22tik 24era BEURKO-BAGATZA auzuneko lehen antzerki jaialdia izango dugu.Ekimen hau "MALAS COMPAÑIAS" antzerki-taldearen aparteko jarduera dugu Barakaldoko udalaren  eta auzoko elkarteen laguntzaz, baita Santa Teresako azokarena nahiz SASIBURU elkartearena.
Antzerkialdi honetan ikusle-entzule guztientzako lanak izango dira euskaraz eta erdaraz.Parte hartuko duten antzerki taldeak hauxek dituzue: Ganso & Cia, Pez Limpo, La Enana Naranja, Shakti Olaizola, Dxusuturi Teatro, BAI, Hortzmuga.


2016-04-08

"PUTINEN GOARDASOLA" ANTZEZLANA


SASIBURU  elkarteak beste jarduera dibertigarria antolatu du: 
PUTINEN GOARDASOLA ANTZEZLANA. 

"Lehendakaria kezkatuta dago. "Euskaldun guztiok batuko gaituen Himnoa behar dugu" aitortu du. Baina nork egingo du? Bilera luze baten ondoren konsensua lortu dute. Ray eta Nik izango dira Euskal Ereserkiaren egile.
Erronka handia bi artista hauentzat. Talentua eta eskarmentua nahikoa  badute ere metodo berri bat asmatu behar izan dute erronka horri aurre egiteko.
Metodo Mistoa.
Orain herriz herri ibiliko dira euskaldun orok ikasi eta bere egin dezan Euskal Ereserki Berria."

Komedia honetan ondo baino hobeto pasatuko dugu.Anima zaitez eta etorri!

NOIZ: APIRILAREN 21ean, arratsaldeko 19:30etan.

NON: SAN BIZENTEKO KULTUR ETXEA (CLARA CAMPOAMOR)


2016-04-07

ARTEAGABEITIA-ZUHATZUN EUSKARAZ


Apiril honetan euskarazko jarduerak etengabe datoz.Oraingo honetan Arteagabeitia-Zuhatzu auzoan antolatu duten EUSKARA EGUNAK ekimenaren berri eman gura dizuegu.
Festa horretan haur kalejira, kontzertuak, haur disko-festak, bertso afaria...eta bestelako ekitaldiak izango dituzue.SASIBURU elkarteak ere lagundu du jai horretan bertsolaritza arloan, dagoeneko dakikezuenez Onitza Enbeita eta Jon Maia bertsolariekin saio aparta izango dugu.
BeuRko-Bagatzan, San Bizenten eta Arteagabitia-Zuhatzun...

UDABERRIA EUSKARAZ BARAKALDON!!


2016-04-03

BERTSO AFARIA ZUAZO AUZOAN

ZUAZO-ARTEAGABEITIA auzoan euskara egunak izeneko ekimenaren barruan bertso afari ederra antolatu dugu KILIKA bertso eskola IBARRETA auzo elkartea eta SASIBURU elkartekook. Bihartik aurrera txartelak erosteko aukera izango duzue San Bizenteko AEKn eta Zuazoko zentro galegoan bertan.

Anima zaitez eta erosi zeure txartela agortu aurretik! ( Adi, leku mugatuak dira eta).

2016-03-26

UDABERRIAN EUSKARAZ


Udaberri honetan SASIBURU elkartekook hainbat jarduera antolatu dugu kasu batzuetan beste elkarteekin elkarlanean.Momentuz aurrerapen gisa apirilean antolatu ditugun ekitaldi batzuen berri emango dizuegu.
Hasteko, apirilaren 13an arratsaldeko 19:00etan "BIZI BARATZEA" liburuaren aurkezpena izango dugu Jakoba Errekondoren eskutik Clara Campoamor kultur etxean eta EGUZKI elkarte ekologistaren laguntzaz.
Bestetik, apirilaren 21ean arratsaldeko 19:30ean "Putinen goardasola" antzezlan dibertigarriaz gozatzeko aukera izango dugu San Bizenteko kultur etxe horretan ere.Horrez gain, apirilaren 30ean gaueko 21:30ean Zuazoko Centro galegoan bertso afari paregabea antolatu dugu KILIKA bertso eskola eta Arteagabeitia-Zuazoko IBARRETA auzo elkartekoekin batera. Tiketak erosteko argibideak laster emango ditugu.
Azkenik, euskara gaiari buruz hitzaldi sorta bat antolatu dugu, baita antzerkialdi baten antolaketan eman dugu geure laguntza. Azkenengo ekimenen berri aurrerago emango dizkizuegu.

 
ETOR ZAITEZ ETA ONDO PASA. BADAKIZU, UDABERRI HONETAN EUSKARAZ!!

2016-03-08

XIX. MENDEKO EMAKUME BERTSOLARI ISILDUEN AHOTSA


Gaur emakumearen nazioarteko eguna izanik, SASIBURU elkartekook antolatu dugun jarduera baten berri eman gura dizuegu:

EMAKUME BERTSOLARI ISILDUEN AHOTSA

Historiak sekretuan gorde ditu mendeetan zehar izan diren emakume bertsolariak. Emakume hauen lana gaur egunera iristeko zailtasun asko izan badira ere, (beraien bertsoak erre, gorde, ixildu,… baitira), batzuk errekuperatzea lortu da.
Emakume bertsolarien ikurra izan zen Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena, “Xenpelar” zenaren iloba. Joxepa Anttoni ez zen aurrena izan, ezta azkena ere. Joxepa Anttonirena bezala, askoren ezagutza galdu dugu bidean eta ixilduriko emakumeen historia ekarri nahi dugu argitara.

Ikuskizun honen bitartez emakume haiek bizi izandako egoerak, denboran eta espazioan atzera eta aurrera, narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta argitara ekarri nahi dizkizuegu.

NOIZ: MARTXOAREN 22an, ASTEARTEA, arratsaldeko 19:30etan.

NON: CLARA CAMPOAMOR KULTUR ETXEA (SAN BIZENTEKO KULTUR ETXEA).

Bertan ikusi, entzun eta biziko dugun saio hunkigarriaren aurrerapena hemen ikus dezakezue:


AMIMA ZAITEZ ETA ETORRI!!



2016-03-03

Munora parkera bisita gidatua


Berbalagunekoek jarduera interesgarria antolatu dute Munoa parkea hobeto ezagutzeko aukera ezin hobea.

NOIZ: datorren ostegunean, martxoak 10, goizeko 10,30ean euskaraz egingo den bisita gidatua. 

Doako ekintza da; baina, aldez aurretik izena eman behar da. 

Informazio gehiago jasoatzeko dei ezazu telefono honetara: 678626567




2016-01-31

"INUDE ETA ARTZAINAK" inauterietan


IBARRAKALDU elkartekoen lagunek inauterietan daukaten asmoen berri eman digute:

Otsailaren 6an, larunbat arratsaldean, Ibarra-kaldu elkarteak Donostiako "Iñude eta Artzaiak" konpartsa antzeztuko du Barakaldoko Inauterietako jaitsieran, Barakaldoko Udal Bandarekin batera, elkartearen 50. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan. 

Hori dela-eta, elkarteak gonbite irekia egiten du, nahi duen orok antzezpen horretan parte hartzeko. Konpartsan XIX. mendearen amaierako edo XX.aren hasierako gizartea eta giroa islatzen direnez, garai horretako pertsonaia bat hautatu eta horri dagozkion jantzi egokienak bilatu besterik ez da egin behar.

Ez da zaila eta bada zer aukeratu ugari: jauntxo eta andreak, alkate jaun edo andreak, baserriko etxejaun eta etxekoandreak, kardinalak, apaizak eta meza-laguntzaileak, sendagileak eta erizainak,  haurtzainak kotxetxoarekin, lehen jaunartzeko umeak, suhiltzaileak, aguazilak eta guardia zibilak, zapata-garbitzaileak eta ogi, egunkari, puxika, goxoki nahiz barkillo saltzaileak, etab.




ANIMA ZAITEZ ETA PARTE HARTU!!


EGUNA: OTSAILAK 6, LARUNBAT ARRATSALDEAN, BARAKALDOKO INAUTERIETAKO JAITSIERAN.