2024-11-25

Barakaldo kontsumo bonoa iragartzeko webgunearen euskarazko bertsio inkonpetentea

Gaur, azaroaren 25ean, Barakaldoko udaletxeak, Inguralde garapen agentziaren bidez, abian jarri du kontsumoa sustatzeko kanpaina, baina webgunearen euskarazko bertsioko testu ia guztiak euskara ez den ‘hizkuntza’ bat erabiliz. 


Adibide gisa: 

25 azaroaren 5 abenduaren gorde 33% zure erosketak, berriz, gidatzeko tokiko ekonomia. Lortu zure bonus eta gástalos batean establezimendu parte hartzen duten kanpaina.


Barakaldon, 2024ko azaroaren 25ean

Barakaldoko SASIBURU kultur elkarteak harriduna eta haserrea agerian utzi nahi du Barakaldoko udaletxeak, Inguralde garapen agentziaren bidez, abian jarri duen kontsumoa sustatzeko kanpainagatik. Webguneko atariko orria izan ezik gainontzeko guztietan euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzen da eta bonoa erosteko dokumentu osagarria gaztelania hutsez dago.

Argi dago lan honen atzetik hizkuntzen konpetentziarekin arazo larria dagoela. Hegemonikoa den hizkuntza batean ‘‘consigue tu bonus y gastatu’ edo ‘de noviembre 25 y de diciembre 5 guarda 33% tus compras’ horrelako esaldirik irakurriko bagenitu mundu mailan ikusgai dagoen webgunea segituan itxiko zuten eta  kritikak barra-barra entzungo lirateke.


Are gehiago, Barakaldo, biztanleei dagokionez, Euskal Herriko bosgarren hiria izanik ez dauka hau gerta ez dadin inolako bitartekorik? Inork ez du gainbegiratzen publiko jarriko diren dokumentuak, webguneak? 


Gertaera honen ondorioz, honako hau eskatu baino exijitu egiten dugu:

1.- Barkamen publikoa bi hizkuntza ofizialetako baten erabilera umiliagarriagatik .

2.-Web gunea blokeatu, behar bezala itzulita egon arte.

3.- Behar diren baliabideak jartzea, azaldu dugun bezalako gertaerak berriro gerta ez daitezen.

Eta honek guztiak arduradunak dituenez, hor doa zerrenda:

Kanpainaren aurkezlea: Barakaldoko alkatea.

Ekimenaren arduraduna: Udaletxeko Pertsonal saileko arduraduna.

Kanpainaren erraztaileak: Barakaldoko Udaleko Garapen Agentzia, Inguralde

Orriaren diseinatzaileak: Agencia de publicidad Drowers

* Arduradunei buruzko informazio guztia EAJren komunikatua alkatetzan oharretik, Barakaldo Digitaleko berritik eta bonobarakaldo webgunetik atera da.

Sasiburu kultur elkarteak hausnarketa batekin bukatu nahi du: Gutxiengo bati etengabe tratu txarrak ematen zaizkiola kontuan ez hartzea - bai, Barakaldon gutxiengoa garela onartzen dugu, duintasunez gainera eta gehiegitan gaztelaniarekiko errespetu kezkatsua erakutsiz- beste alde batera begiratzea da, eta barakaldar guztien hizkuntza-eskubideak ez errespetatzea.

Hizkuntzak gizarte baten adierazpen bizi-biziak dira, gure kasuan Barakaldokoa. Haiekiko sentsibilitaterik txikiena ere ez badago, hizkuntzen etorkizuna iluna izan daiteke, baina inplikatutako hiriarena marjinala, pobrea eta atzeratua izango da.

Eragile bakoitzak bere hausnarketa egin dezala eta behar dituen erabakiak har ditzala. Sasiburun argi daukagu, urratsez urrats Barakaldon hizkuntza eskubideak bermatu arte. 

SASIBURU KULTUR ELKARTEA

Informazio gehiago nahi izatekotan sasiburu@gmail.com




Elena Fernandez idazlearekin solasaldia

 


   Irakurzale klubak laster zabalduko ditu ateak berriz ere!
Hurrengo hitzorduan solasalditxo bat izango dugu Elena Fernandez idazlearekin!

  • Abenduaren 17an.
  • 19:30ean.
  • Barakaldoko AEKn

                      

  IZENA EMATEKO:

  • barakaldo_berba@aek.eus
  • 678 626 567

                  ANIMA ZAITEZ ETA EMAN IZENA!! 


2024-11-20

BARAKALDOKO HERRIEN ARTEKO XXVII. FOLKLORE JAIALDIA 2024

 Barakaldoko Herrien arteko Folklore Jaialdia 27. ediziora iritsiko da aurten. Beurko-Bagatzako Ibarra-kaldu elkarteak antolatuta, azaroaren 22tik abenduaren 8ra bitartean garatuko da jaialdia. 

JARDUERAK

  • Kantu-afaria

Egitarauan duela bi urte sartutako berrikuntza, lagun kopuru ederra erakarri izan duena. Jaialdiko jardueretan modu aktiboan parte hartzeko moduko ekitaldiak bultzatzen jarraitu nahi da.

Afaria azaroaren 22an izango da, ostiralarekin, Ibarra-kaldu

elkartearen lokalean izango da eta 21:30ean hasiko da.

Menu arruntak 20 € balio du, eta haurrentzakoak 12 €.


  • Zirku saioa

Azaroaren 23an izango da, larunbatarekin, 19:00etan, oso leku

berezi batean, Zirkodomoan, Barakaldoko Arauti kaleko karpan.

Sarrera kopurua mugatua da eta sarrerak aldez aurretik eskuratu

beharko dira, 3  ordaindurik, Ibarra-kaldu elkartearen

bulegoan, astegunetan, 18:00-20:00 ordutegian.


  • Dantza-lantegia: jota eta porrua

Aurtengo atariko azken ekitaldia dantza-lantegi bat izango da,

bertaratu nahi duen orori irekia, nahiz eta aldez aurretik emango

beharko den izena, telematikoki, QR kode jakin baten bitartez. 

Lantegiaren gidari lanean Sabin Bikandi izango dugu, Aiko

taldeko eta Bilboko Udak Txistu Bandako kidea.

Azaroaren 30ean izango da, larunbatarekin, 18:00etan,

Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan, sarrera doan.


  • Musika Eguna

Abenduaren 6an izango da, ostiralarekin, Barakaldo Antzokian

19:30ean, sarrera doan

Aurtengo bi talde gonbidatuak Euskal Herrikoak dira: Eibarko

Euskelga, Galiziako eta Euskal Herriko doinuak uztartzen dituena,

eta Barakaldoko bertoko Xukelak taldea. Horiekin batera, ohi denez,

etxeko Ibarra-kalduko musika taldea ere arituko da, berariazko

saio bat prestaturik.


  • Dantza Eguna

Abenduaren 7an izango da, larunbatarekin, Barakaldo Antzokian, 19:30ean.

Edizio honetan, Gaztela eta León eta Murtzia erkidegoak dira

bisitatzen gaituzten taldeen jatorria. Batetik, Aranda de Dueroko

Alquería dantza-taldea,  bertako Udal Folklore Eskolakoa,

Burgosetik; bestetik, Peña huertana La Zaranda taldea, San Anton

Koru eta Dantza Folklore Elkartekoa, Murtzia hiriburutik bertatik.

Horiekin batera, jakina, Ibarra-kaldu taldea arituko da,

ohi den bezala, ekitaldirako berariaz prestatutako dantza ikuskizun

berezia ematen. 


  • Kanpo Eguna

Abenduaren 8an izango da, igandearekin, Santurtziko Gernika

parkean, 12:30ean, sarrera doan

Ezkerraldeko udalerri batera itzultzen da jaialdia aurten,

hainbat urteren ondoren, eta, oraingo honetan, Santurtziko

Zugaitza dantza taldearen 50. urteurrena ospatzen laguntzearren.

Zugaitza taldearekin batera, anfitrioi lanean ere arituko baita,

Murtziatik eta Gaztela eta Leóndik bisitari datozkigun taldeek

ere jardungo dute.






2024-11-11

ZTANDAP ANTZEZLANA

 

SASIBURU elkartekook ostera ere ikuskizun aparta antolatu dugu:

            ZTANDAP  ANTZEZLANA

 "Ztandap” ikuskizun honetan ere Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik generoa hartuko dute umoregai eta eguneroko gaiak lehertzen saiatuko dira betaurreko moreak jantzita. Horretarako orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak eta elkarbizitza izango dituzte hizpide, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak eztanda arazteko prest daude!

      NOIZ: AZAROAREN 21ean, OSTEGUNA, 19:15ean.

      NON: CLARA CAMPOAMOR KULTURGUNEAN (SAN BIZENTE AUZOAN).


     ANIMA ZAITEZ ETA ERDU!! PRIMERAN PASATUKO DUGU!!


2024-11-07

BARAKALDOKO MINTZODROMOA


Berriro ere Barakaldoko Mintzodromoa izango dugu laster. Animatuko zara euskara kalera ateratzen? Aukera ezin hobea duzu:

  • Barakaldoko Mintzodromoa
  • Azaroaren 19an, asteartean.
  • Anaien parkean
  • Bi saio:
    • 10:30 – 11:30
    • 18:30 – 19:30

                                 ANIMA ZAITEZ ETA PARTE HARTU!!

2024-11-06

LAN ESKAINTZA

 

Udalak Barakaldo Euskaraz webgunearen eta gizarte-sareen dinamizatzaile lanpostu bat eskainiko du:

👉 6 hilabeteko kontratua
👉 Lanaldi erdia
👉 Euskarazko C1 maila behar da
ℹ️ Lanbiden izena emateko: https://lc.cx/XMpRTM

GURE KULTURA KALEAN

Datorren larunbatean, Laguntasuna elkarteak musika eta dantza ikuskizun berezi bat eskainiko digu Arteagabeitia-Zuatzu auzoan!!! 

 "Gure kultura kalean" Musika eta dantza ikuskizuna 

NOIZ:  Azaroak 10 (igandea) 13:00etan.

NON: Kanarias plaza (Arteagabeitia-Zuazo)

2024-10-31

XIBEROAKO IKASTOLEN ALDE



Aurten ere, Laguntasuna Elkarteak Xiberoako ikastolen aldeko Saski Salmenta Kanpainian parte hartuko du, ikastolen jarduerak finantzatzen laguntzeko gure aletxoa jarriz.


Eskualde bakoitzean, bertako euskara zein kultur elkarteek kudeatzen dute saskien banaketa, eta Ezkerraldea-Meatzaldean Laguntasuna da arduraduna. Aurreko urteetan erabilitako sistema mantenduko da edizio honetan ere: saskiak zuzenean ikaskoli.eus webgunean erosteko aukera dago, LAGUNTASUNA banaketa gunea  aukeratuz.

- Zure saskia(k) webgunean eskuratzeko azken eguna: azaroak 24
- Saskien banaketa abenduaren 13an egitea aurreikusi dute, eta gure egoitzan izango da (Elexpuru 7 behea, Barakaldo). 

Mila esker Xiberoako Ikastolen eta euskararen alde egiteagatik!