Pauso bat aurrera
EUSKALTZALEEN TOPAGUNEAN ELKAR-LANEAN EUSKARAK 365 EGUN KANPAINAN PARTE HARTU DUGU. HONA HEMEN KANPAINA HORRETAKO AGIRIA.
LELOA HAUXE DUZUE:"EUSKARAK 365 EGUN, PAUSO BAT AURRERA"
Pausoa; mugimendua sortzen duena.
Auzoko herritarrek euskaraz bizitzea erabaki
dute, lehen, bigarren eta azken hitza euskaraz eginez. Astebetez euskarari
eusten hasteak, urtetarako arrastoa utziko du. Mugimendua sortzen da, ehunka
herritarren erabaki eta ekintzek milaka lagunen hizkuntza ohituretan eragina
dutenean.
Urratsa; bakoitzak dagoen lekutik ematen duena;
norberarena, propioa.
Marisol eta Enriquek euskaltegian izena eman
dute, euskara ikasten hasi dira.
Anak bere bilobarekin hitz egiteko euskara
ulertu behar duela erabaki du.
Michelle eta Nerea mintzalagun taldean
herriko euskaldunen sarea zabaltzen ari dira.
Lutxok hilabetez euskara hutsean bizitzea
erabaki du.
Pausoa; kontzienteki egiten dena, norabide batean egiten
dena.
Elkarte gastronomikoko batzarrak euskaraz
egiten dira orain.
Udalak euskara lan hizkuntza eta
herritarrekiko lehentasunezko komunikazio hizkuntza izango dela erabaki du.
Urratsa; taldean edo bakarka egin daitekeen ibilaldi
baten hasiera.
Auzoko harategian euskaraz irakurri daitezke
errotuluak eta produktuen izenak, euskaraz egin ahal izango dira erosketak,
harakina ulermena lantzen ari da.
Herriko kirol taldeek euskaraz egingo dituzte
entrenamenduak; prestatzaileak euskarazko saioak zuzentzeko gertu daude.
Pausoa; handia edo txikia, baina sendoa, atzera bueltarik
ez duena
Kevinek lagun euskaldun guztiei esan die
berari euskaraz hitz egiteko, ulertzeko gai dela eta entzunez gehiago ikasi
nahi duela.
Gaizkak prentsaurreko guztiak hasten ditu
euskaraz.
Lorea herriko euskaltzaleen elkartera
hurbildu da, euskaraz bizitzeko duen ideia bat martxan jartzera.
Pauso bat aurrera emateko garaia da; zuk, nik, hark, haiek,
guk euskaraz bizitzeko urratsak ematekoa.
Pauso bat, bi, hiru,… milaka urrats emateko ordua da; euskaraz bizi nahi
dugunok, euskaraz jakin ez arren gizarte euskaldunago bat desio dutenek,
agintariek, herriko elkarteek, ikasle, enpresari, sindikalista eta langileek;
bakoitzak bere lekutik, euskararen herria edukiz betez ekarpena egiteko ordua.
Euskarak 365 egun ditu, euskaldunok urte osoa pauso berriak
emateko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina